21646
home,page-template,page-template-full_width,page-template-full_width-php,page,page-id-21646,stockholm-core-2.2.2,select-theme-ver-8.1,ajax_fade,page_not_loaded,vertical_menu_enabled,,qode_menu_,qode-mobile-logo-set,wpb-js-composer js-comp-ver-6.6.0,vc_responsive,elementor-default,elementor-kit-21338
AURKEZPENA

Mungiako Hapo Berria

Gaur egun Mungian indarrean dagoen hirigintza-plangintza orokorrak 24 urte baino gehiago ditu. Hori dela eta, Mungiako Udalak udalerriko hirigintza-plangintza orokorra berrikusteko prozesua jarri du abian. Helburua zera da: datozen urteetarako nahi dugun hiri-eredua diseinatzea, mungiarrek dituzten beharrizanei eraginkortasunez erantzun ahal izateko eta herritarren ongizatean, hazkunde ekonomikoan eta ingurumen-jasangarritasunean aurrerabideak eskaintzeko.

 

Plan Orokor berria udalerriaren egungo egoerari buruzko hausnarketa zintzo eta lasaia egiteko aukera bat da (nola garatu den, zer gabezia eta behar dituen eta zer potentzialtasun duen), baita hiri-proiektua berritzeko ere (hiri- eta lurralde-eredua). Berritze-prozesu horretan udalaz gaindiko legediak eta lurralde-antolamenduak ezarritako hirigintza-antolamenduko eskakizun berriak ezarri beharko dira eta hasiera-hasieratik txertatuko dira azken urteetan garapen jasangarriari buruz nagusitu diren irizpideak ere.

Bizilagunen beharrizanetara egokituko den Mungia eraikitzen ari gara, eta oinak lurrean ditugula egin nahi dugu, hiriarentzat diseinu orekatua sortuz, guztion behar eta asmoekiko koherentziaz eta sentikortasunez. Helburu errealistak ezarriko dira, hirigintzari gaur egungo begiz begiratuta, hau da, jasangarria, birsortzailea eta errehabilitatzailea izango den eredua ezarrita. Energia-eraginkortasunean, osasunean eta natura-baliabideen aprobetxamendu jasangarrian ipini beharko da arreta. Izan ere, helburua da Mungia bizigarria, gozagarria, berdeagoa, irisgarriagoa eta zirkulagarria, interkonektatua eta modernoa izatea guztiontzat.

 

Interes orokorreko helburu horiek lortzeko, funtsezkoa da Plan Orokor berria egiteko prozesuak herritarren parte-hartzea eta administrazioaren koordinazioa sustatzea.

 

Horretarako, ezinbestekoa da prozesuaren hasiera-hasieratik herritarren iritziak eta usteak jasotzea. Beraz, zure ideiak eta ilusioak aurkeztera gonbidatzen zaitugu, orrialde honetan dauden dokumentuak osatzen eta aberasten laguntzeko.

Faseak

1 FASEA
HERRITARREK PARTE HARTZEKO PROGRAMA

Herritarren Parte-hartzerako eta Informazio Publikorako proposamena honako helburu hauek lortzeko eratu da, guztiak EAEko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 6. helburuarekin bat datozenak:

  • Plan Orokor berriaren azterketa eta idazketa prozesua jakinaraztea eta ezagutaraztea, dagokion fase bakoitzean.
  • Herritarrek Plan berriari eta horren idazketa prozesuari buruzko informazioa eskatzeko duten eskubidea erraztea, hizkera ulergarria erabiliz. Horrela, herriko gizarteko sektore guztiek jaso eta ulertu ahal izango dute informazioa, inor baztertuta gelditu barik.
  • Mungian antolamendu sostengagarria eta onura komuna bultzatuko duten eztabaida publikoak irekitzea, gai interesgarriak saihestu gabe eta ahalik eta sentsibilitate gehien biltzen saiatuz.
  • Eduki teknikoak aberastea eta Plan Orokorraren helburuekin bat datozen planteamenduak txertatzea, betiere herritarren ikuspuntua jorratuz eta zeharka hartuz; eta sexua, hizkuntza, kontsumitzeko gaitasuna, adina edo beste faktore batzuk direla-eta inolako bazterketarik egin gabe.
  • Prozesua bera herri dinamika eta gobernu agintea elikatzeko modu bihurtzea.

 

Azpiko koadrotxo honetan sakatuta deskarga dezakezu prozesua laburbiltzen duen agiria.

HERRITARREK PARTE HARTZEKO ESKULIBURUA
Herritarrek parte hartzeko programa
Kronograma
2 FASEA
HERRITARREN IRITZI-EMATE AKTIBOA

“Iritzi-emate aktiboa” izeneko fasearen bidez, funtsezko sektoreetako ordezkari ugarik Mungiako lurraldeari buruz dituzten pertzepzioak jaso nahi dira. Ordezkari horiek modu berezian bizi, lagundu eta parte hartu dute, eta, beraz, lurraldearen edo lurraldeko elementu erabakigarri batzuen ezagutza sakona dute. Mungiari buruzko planteamendu orokor eta prospektiboa egiteko hausnarketa bat egitea proposatzen da, Mungiaren beharrizan eta nahiei buruzkoa. Azken batean, eremuaren arazoen eta horien zergatien ikuspegi partikularra eta subjektiboa (bakoitzarena), eta nahi den edo amesten den lurraldearen definizioa.

 

Arlo ezberdinen ezagupen sakona dutenei beren-beregi dei egingo bazaie ere, guztiz deialdi irekia da, izan ere, herritar guztiak daude gonbidatuta parte hartzera.

 

Hausnarketarako abiapuntu gisa, dokumentu bat prestatu da, azpiko koadrotxo honetan sakatuta deskarga dezakezuna. Agiri horri erantzuna eman ahal izango diozu webgune honetan bertan dagoen partehartze-postontzitik.

OINARRIZKO TXOSTENA HERRITARREN IRITZI-EMATE AKTIBORAKO
3 FASEA
ANTOLAMENDU-PLANAK, SEKTORIALAK ETA LURRALDEKOAK AZTERTZEA, BAI ETA ADMINISTRAZIOEK EGINDAKO TXOSTENAK ERE, ETORKIZUNEKO PLAN OROKORREAN IZANGO DUTEN ERAGINA ZEHAZTEKO

Fase honen helburua da bildutako informazioa sistematizatzea eta hirigintzako  informazioa edo lurraldean eragina duen informazioa eguneratzea. Laburbilduz, azterketa- eta diagnostiko-etapa eguneratu bat da. Bereziki, fase honetan aztertuko da zer eragin izango duten planaren berrikuspenean honako araudiek eta planek:  EAEko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroek (ekainaren 30eko 128/2019 Dekretua), Mungiako Eremu Funtzionalaren Lurralde Plan Partzialak (LPP) eta udalerrian eragina duten indarreko –edo izapidetzen ari diren– Lurralde Plan Sektorialek (LPS) berrikuspenaren eragina aztertuko da. Lurralde-loturen azterketa xehatua eta hiri-garapenaren kuantifikazioa jasoko dira, bizitegitarako zein jarduera ekonomikoetarako. Era berean, 2014an administrazio publikoen hasierako onarpena lortu zuen Plan Orokorraren dokumentuari egindako txostenak aztertuko dira.

 

Diagnostiko eguneratuaren hainbat alderdi laburbilduko dituen dokumentu bat egingo da, Planaren Aurrerapen-agiria edo Zirriborroa egiteko oinarriak ezartzeko.

LABURPENA
PARTE-HARTZE TXOSTENA
4 FASEA
UDAL PLAN OROKORRAREN AURRERAPEN-AGIRIA EDO ZIRRIBORROA ETA HASIERAKO DOKUMENTU ESTRATEGIKOA

Plan Orokorraren Aurrerapen-agiria edo Zirriborroa dokumentu bat da. Berorren bidez zehaztu nahi dira, batetik, Planaren egiturazko antolamenduaren aukera nagusiak eta, bestetik, helburu zehatzak eta horiek lortzeko erabiliko diren tresnen egokitasuna. Antolamendu Plan Orokorraren egitura nagusia definitzeko prozesu hau parte-hartzea bultzatzeko bokazioz sortu da. Definizio horretatik abiatuta, eta herritarrek onartzen dutela egiaztatu ondoren, idazketa-lanak egiten jarraitu ahal izango da, hasierako onarpen-faserako dokumentua osatze aldera.

 

Hasierako Dokumentu Estrategikoan, Mungiako hiri- eta lurralde-ereduaren hainbat aukera baloratuko dira (arrazoizkoak eta teknikoak, eta ingurumenaren aldetik bideragarriak), eta Planaren Aurrerapen-agirian edo Zirriborroan garatzen den alternatiba hautatzea justifikatuko da. Plan Orokorraren Hasierako Dokumentu Estrategikoarekin eta Zirriborroarekin, administrazio autonomiko eskudunari eskatu ondoren, ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura arrunta hasiko da.

 

Behin Aurrerapen-agiria edo Zirriborroa eta haren Hasierako Dokumentu Estrategikoa onartuta, fitxategiak eskuragarri egongo dira kontsultatzeko eta deskargatzeko. Parte hartzeko postontzia erabilgarri egongo da kontsultak egiteko.

AURRERAPENA. INFORMAZIO-MEMORIA
AURRERAPENA. ANTOLAMENDU-MEMORIA
PLANOAK (INFORMAZIOA ETA ANTOLAMENDUA)
HASIERAKO DOKUMENTU ESTRATEGIKOA
5 FASEA
HIRI-ANTOLAMENDUKO PLAN OROKORRAREN AURRERAPEN-AGIRIARI ETA HASIERAKO DOKUMENTU ESTRATEGIKOARI BURUZKO INFORMAZIOA JENDAURREAN JARTZEA ETA HERRITARREK PARTE-HARTZEA

Aurrerapen-agiria idatzi eta onartu ondoren, jendaurrean jarriko da. Publikoari eta erakundeei dei egingo zaie beren iritzia eman dezaten Planaren Aurrerapen-agiriari edo Zirriborroari buruz, herriaren garapenaren gainean dituzten asmoak, iradokizunak, proposamen alternatiboak edo osagarriak, kritikak edo zuzenketak eta, batez ere, herritarren eztabaida kolektiboari egindako ekarpenak azal ditzaten; horixe baita plana behin betiko idazten eta arrazionalizatzen laguntzeko modu egokia.

 

Etapa hau banakako txosten tekniko/juridikoekin amaituko da. Txosten horietan, erredakzio-taldeak, udaleko zerbitzu teknikoekin koordinatuta, aurkeztutako iradokizunak eta alternatibak aztertzen ditu. Txosten horiek berariazko dokumentazio gisa txertatuko dira webgune honetan.

 

Iradokizunak nola eta non aurkeztu behar diren jakin nahi izanez gero, web honen bidez jasoko duzu erantzuna. Txosten tekniko juridikoak gune honetan kontsultatuko dira. Prozesuak irauten duen bitartean, postontzia erabilgarri egongo da kontsultetarako.

AURRERAKINAREN AURKEZPENAREN KARTELA
PARTE HARTZE TXOSTENA (AURRERAPEN-TAILERRAK)
IRADOKIZUNEN TXOSTENA
6 FASEA
HIRI-ANTOLAMENDUKO PLAN OROKORRAREN HASIERAKO ONARPENA EDO ATARIKO BERTSIOA, HAREN INGURUMEN-AZTERKETA ESTRATEGIKOA ETA AZTERLAN OSAGARRIAK

Agiri hau Plan Orokorraren atariko bertsioa da, baina osoa, indarrean dagoen Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko Legean zehazten den edukia jasotzen duena, hain zuzen ere, egiturazko hirigintza-antolamendua eta antolamendu xehatua bereizteari buruzkoak diren 53., 56., 61. eta 62. artikuluetan ezarritakoa. Era berean, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea garatzeko premiazko neurriei buruzko ekainaren 3ko 105/2008 Dekretuaren 31. artikuluan ezarritako dokumentu-eskakizunak beteko ditu, Ingurumen-Ebaluazio Estrategikoa behar duten planetarako.

 

Ingurumen-azterlan Estrategikoa erantsiko zaio dokumentu tekniko honi, eta horrek aukera emango du ildo estrategiko posibleen ondorioak ezagutzeko, baita aukera horiek  alderatzeko, jarduketa gomendagarrienak hautatzeko, onartezinak direnak baztertzeko (halakorik badago) eta ingurumen eragin negatiboak onargarri egingo dituzten ingurumen-zuzenketak definitzeko ere. Ingurumen-azterlan Estrategikoak bete egin beharko ditu  ingurumen arloan eskumena duten Erkidegoko administrazioen txostenean  betebeharrekotzat jotzen diren zabaltasun-, xehetasun- eta zehaztasun-mailak (txosten hori ingurumen-izapide estrategikoa hasteko eskaerari erantzunez bidaliko dute administrazioek). Eranskin hauek izango ditu: Eragin Akustikoari buruzko Azterlana eta Iraunkortasun Energetikoari buruzko Azterlana.

 

Fase honetan, honako agiri biak ere baloratuko dira: batetik, generoaren araberako eragina ebaluatzeko dokumentua; eta bestetik, planaren hizkuntza-inpaktua ebaluatzeko dokumentua.

7 FASEA
PLAN OROKORRAREN HASIERAKO ONARPENARI EDO ATARIKO BERTSIOARI ETA HAREN INGURUMEN-AZTERKETA ESTRATEGIKOARI BURUZKO INFORMAZIOA JENDAURREAN JARTZEA ETA HERRITARREK PARTE-HARTZEA

Aurreko fasean (6. fasean) onartutako dokumentuak jendaurrean jarriko dira, interesdunek alegazioak aurkezteko aukera izan dezaten. Alegazio horiek kontuan hartu beharko dira, atzera botatzeko edo onartzeko. Horrek berekin ekarriko du alegazio horien sakoneko azterketa egitea, eta azterketa eta balorazio hori eragingo duen erabakia motibatzea eta arrazoitzea, hau da, erabat edo partzialki onartzea edo erabat edo partzialki baztertzea.

 

Aurkeztutako alegazioei buruz idazle-taldeak egingo duen txostena dokumentazio espezifiko gisa txertatuko da webgune honetan.

 

Eragindako interes publikoak kudeatzen dituzten administrazioen txostenak ere  dokumentu espezifiko modura erantsi beharko dira agiriotan.

8 FASEA
PLAN OROKORRAREN, INGURUMEN-AZTERKETA ESTRATEGIKOAREN ETA AZTERLAN OSAGARRIEN EGOKITZAPENAK

Fase honetan egokitu beharko dira Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren hasierako bertsioko dokumentuak eta Ingurumen Eraginaren Azterlana –eta, hala badagokio, azterlan osagarriak– informazio publikoko eta herritarren parte-hartze prozesuen emaitzetara, baita eragindako interes publikoak kudeatzen dituzten administrazioen nahitaezko txostenetara ere.

 

Doitutako dokumentazio hori, Udalak onartu ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordeari bidaliko zaio, txostena egin dezan, eta ingurumen-organoari, ingurumen-adierazpen estrategikoa egin dezan.

9 FASEA
HIRIGINTZA-ANTOLAMENDUKO PLAN OROKORRA BEHIN BETIKO ONARTZEA

Hasierako onarpena jasotako bertsio horri Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordearen txostenak ezarritako egokitzapenak aplikatuko zaizkio, baita Ingurumen Adierazpen Estrategikoan egindako proposamenak ere. Ondoren, Udalbatzaren esku jarriko da, behin betiko onar dezan. Kapitulu bat sartuko da, Plan Orokorrean ingurumenari lotutako puntuak zelan txertatu diren islatzeko.

KONTAKTUA

Parte hartzeko postontzia

Mesedez, bidali zure iradokizunak hurrengo e-posta honetara: buzon@mungiaplanorokorra.eus